2012-05-07

MUFOMI MUSEORA IRTEERA

ELGOIBARREKO MINERAL ETA FOSILEN MUSEOA: MUFOMI

Mineralen proiektua lantzen ari garenez, apirilaren 26an, ostegunarekin, Elgoibarreko mineralen museora (Mufomi museora) joan ginen. Orain zer egin genuen kontatuko dizuegu:
Asierrek, maisuak, egun batzuk lehenago, Eibarko Estaziño kaleko estazioan 8:55ean gelditzeko esan zigun. Bakoitzak galdera batzuk prestatu zituen Javier Vargasentzat (museoaren gidariarentzat). Ikasle bakoitzak Asierri galdera batzuk esan zizkion, eta berak ordenagailuan idatzi zituen galdera guztiak. Azkenik galderak inprimatu egin zituen.  Gutariko bakoitzak arkatza, galderak eta borragoma eraman genituen. Osteguna heldu zenean Estaziño kalean elkartu ginen. Bikoteka jarri ginen, baina gero makinetatik pasatzeko banaka jarri behar izan ginen. 9:13an trena hartu genuen, estazioan obretan zeuden, horregatik beste trenbide batetik pasatu ondoren trena heldu zen.

Joanerako bidaian batzuk hitz egiten eta besteak jolasean aritu ginen. Paisaia oso polita zen: ahateak, autoak eta ibaia ikusi genituen. Gainera, oso eguraldi ona egiten zuen. Heltzen ari ginela denok zutik jarri ginen trenetik jaisteko irrikan (bidai osoan geltoki batean edo bitan gelditu ginen soilik). Museotik oso hurbil geunden. Hara ailegatzean etxe normal bat ematen zuen, baina “Mufomi” izena zuela konturatu ginen. Atea jo genuen eta han zegoen Javier Vargas, gure zain. Oso jatorra eta barregarria zen Javier.

Javier ezagutu eta gero, gure kabuz mineralak eta fosilak ikusten utzi zigun. Haitzuloetako hartz baten hezurdura izan zen ikusi genuen lehenengo gauza. Pasabide batetatik igarotzean gela handi batera heldu ginen; eta barnean, fosil eta mineral gehiago zeuden. Gela barruan jendea gora eta behera ibili zen mineral eta fosil guztiak ikusten. Baita ere, Javierrek, gunetxo bat zuen beste mineral gehiagorekin. Mineral hauek iluntasunean zeuden, baina argi fosforito lila bat piztuz dir-dir egiten zuten. Pasabidean eta geletan mineral eta fosil asko zeuden, adibidez: Diamantea, pirita, urrea, aragonitoa, turkesa, tigre-begia, itsas-ura, zelestina, kuprea, igeltsua, esmeralda, errubia…

Museoa ikusi ondoren, Javier Vargasi prestatutako 66 galderak bota genizkion. Javier Vargas nahiko baxua zen, begi urdinak zituen, ile beltza, sudur eta aho arrunta, gorpuzkeraz ez zen lodia, ezta argala ere, eta hankak eta besoak nahiko motzak zituen. Galderak
galdetzen hasi ginenean, batzuk nahiko erraz erantzun zituen, baina beste batzuk ez hain erraz. Beranduago, berriro ikusi genituen mineralak, eta argi lila zeukan kameran berriro sartu ahal izan ginen, mineral fluoreszente eta erradiaktiboak ikustera.

Museotik irtetean argazki batzuk atera genituen denok batera. Ondoren tren geltokira joan ginen, baina trena berandu iritsi zen eta denbora arinago pasatzeko txisteak kontatu genituen. Trena etorri zenean denok sartu ginen eta barruan batzuk kartetara jolastu genuen. Eibarrera heldu ginenean, ezin izan ginen bazkaltzera joan txartelak sartzeko makinak hondatuak zeudelako; orduan “Eusko-treneko” langileek lagundu gintuzten makinetatik pasatzen. Asierrekin eta Milarekin joan ziren jangelan bazkaltzen dutenak, eta etxera bazkaltzera joaten direnak beraien kabuz joan ziren etxera.

Ez dakizue zein ondo pasatu genuen… Esperientzia hau bizitzera animatzen zaituztegu.


No hay comentarios:

Publicar un comentario